1813ko ekainaren 21eko arratsaldeko laurak ziren eta frantziar soldaduek arrapaladan egiten zuten ihes, itsumustuan, atzera begiratu gabe. Arabako lautadan zehar zihoazen, Iruñera bidean, britainiar, portugaldar eta espainiar armadetako soldaduek harrapatu eta bertan suntsitu ez zitzaten.
Gasteiztik hurbil, Napoleonen anaia Jose Bonaparte erregearen Armada inperiala guztiz suntsituta geratu zen. Harrapatua izateko zorian, Erregeak atzera egiteko agindu erabatekoa eman zuen, armadak berak zeramatzan probetxuko gauzak bertan lagata, eta ehunka familia babesik gabe geratu ziren, espainiar ‘frantsestu’ zeritzen zibil haiek hain zuzen. Armadaren porrotak Espainiaren inbasioaren amaiera iragarri zuen, frantziarren aurka bost urte iraun zuen gerraren amaiera, ehunka eta milaka hildako eragin zuena eta herriaren hondamena ekarri zuena.
Irabazleek garaituen orgetan armak eta isilpeko dokumentuak topatu zituzten, eta bai soldadu-osteentzako ordain-sariak ere. Hala ere, Jose Napoleonen gurdietan bestelakoak ziren ikus zitezkeenak: ‘Errege Arrotzaren’ ekipaiaz gainera, han ziren Velázquez, Ribera edo Murilloren mihise ondo bilduak, luxuzko tapizak, Erdi Aroko kodexak, bitxiak… Zer ote ziren ondasun haiek guztiak? Nondik ote zetozen?
Zatoz Arabako Artxibo Historiko Probintzialera arpilatze eta lapurreten kronika hau ezagutzera. Zatoz eta ikasi nola antolatu eta gauzatu zen historian izan den indarrezko ebaste handienetako bat, eta nola gasteiztar batek artelanetako zenbait berreskuratu zituen. Eta izan gogoan honako hau: bada altxor frantses horretako alerik bilatzerik! Ekin planoko arrastoei, zerbait topatuko duzu eta!